GUREAN GAUR

'Zerga' operazioarekin Madrilek bakea trabatu du, Sorturen iritziz

Euskal preso ohien ondasunen aurkako operazioa egin du Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionalak aginduta. 50 baino gehiagoren kontu korronteak, ibilgailuak eta bestelako ondasunak konfiskatu dituzte. Barne Ministerioak arrazoitu duenez, terrorismoaren biktimen kalte ordainetarako. 

Sortuk gogor salatu du operazioa, eta bakerako bidea zangotrabatzea zein indarkeria baliatzen jarraitzea leporatu dio Madrili. Horrez gain, ETAren amaierarako hitzemandakoak ez betetzea leporatu dio Arkaitz Rodriguezek Espainiako Gobernuari, besteak beste, espetxe eta dispertsio politikaren aldaketei erreferentzia eginez.

Sare Herritarrak, bere aldetik, mendekuan eta gorrotoan oinarritutako politika egiten jarraitzea leporatu dio Madrili. Eta jendarteari dei egin dio ireki den ziklo berrian bizikidetzaren eta elkarrizketaren eraikuntzan parte har dezala.