GUREAN GAUR

Zigor Malbadi: "Eraikuntza hasi ez arren, udalak kargu egin behar du Kortxoenea eraitsitako eremuaz"

Kortxoenea eraitsi zutenetik bi urte eta erdira, eremua egoera txarrean dagoela salatu dute auzokideek. Eraitsitako eremuan, eraikuntza proiektu bat dago aurreikusita, baina lanak ez dira hasi, enpresaren arazoengatik. Auzokideen ustez, beraz, udalaren ardura da Indianoene kaleko higiene eta segurtasun baldintzak bermatzea.

Bi urte eta erdi igaro dira Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraitsi zutenetik, eta gaztetxea zegoen eremua egoera txarrean dagoela salatzen dihardute Indianoeneko auzokideek. Eremua erabat utzita dagoela iruditzen zaie eta auzoko egunerokoan eragin kaltegarria duela horrek.

Donostiako Udalak argi utzia du Kortxoenea eraistea eraikinaren jabearen erabakia izan zela, eta aurreko legealdian onartutako hirigintza planaren ondorioz jabeak horretarako eskubidea zuela. Izatez, eraitsitako eremuan, eraikuntza proiektu bat dago aurreikusita, baina lanak ez dira hasi eraikuntza enpresaren arazoengatik. Edonola ere, Indianoeneko auzokideek uste dute udalak ezin diela horregatik bere ardurei muzin egin, eta badagokiola toki horretako garbitasun eta segurtasun baldintzak bermatzea.

Horregatik, auzokideek elkartu eta salaketa dinamika martxan jartzea erabaki dute. Udalarekin harremanetan jartzeko ahalegin bat baino gehiago egin dituzte, baina ez dute erantzunik jaso. Iruditzen zaie Donostiako beste auzo batekoak balira jarrera ez litzatekeela berdina izango, eta ahaztuta sentitzen dira.