GUREAN GAUR

Aurrekontuak babesteko EAJren arrazoiak aitzakia merkeak direla salatu du LABek

Kritiko agertu da LAB sindikatuak jeltzaleek Espainiako aurrekontuei emandako babesarekin. Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak argi utzi dio EAJri aurrekontu horiek ez dituela euskal langileen izenean babestu.

EAJk aurrekontuen alde egiteko eman dituen arrazoiak aitzakia merkeak direla esan du Arroyok, eta aurrekontu horiek dakarten kaltea azaldu du. Pentsiodunen kasuan, gainera, xehetasunak ere eskaini ditu LAB sindikatuak. Bea Martxueta sindikatuko politika sozialen arduradunaren hitzetan, EAJk eta PPk aurrekontuen testuinguruan pentsioez egindako akordioak gabezia handiak ditu.

Horregatik, larunbatean Hego Euskal Herriko hiririburuetan pentsiodunek egingo dituzten manifestazioetan parte hartzeko deia egiteaz gain, bestelako gizarte politikak diseinatzeko borondatea eskatu die jeltzaleei.