GUREAN GAUR

Urkulluk Darpon kargugabetzea nahi du ELAk

ELA sindikatuak ez du Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren dimisioa eskatuko, baina Iñigo Urkullu lehendakariak kargugabetu dezala nahi du, auzian duen erantzukizuna bere egin dezan lehendakariak ere.

Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak salatu du eurek aspaldi ohartarazi zutela sailburua, esan zioten Osakidetzako zerbitzuburuek lobby bat osatu dutela, baina Darponek beste aldera begiratu omen zuen. Horregatik iruditzen zaio ELA sindikatuari Osasun sailak nahi dutena egiten uzten diela Osakidetzakoei. Igeregiren esanetan, Iñaki Azkuna zena Osasun sailburu zen garaietatik salatu du ELAk zerbitzuburuen ustelkeria.

Horrez gainera, Osakidetzako lan baldintzak ere salatu dituzte. Esther Saavedra sindikatuko Osakidetzako arduradunak gogora ekarri ditu azken aldian agertu dituzten hainbat kexa: Gaixo egoteagatik langileak zigortzen direla easn du. Gizon eta emakumeen arteko soldata arrakala %25ekoa dela. Eta lan kargak etengabe handitzen diren bitartean, zerbitzuak pribatizatzen dituztela. Horri buelta emateko eskatu dio ELAk Osakidetzari. Murrizketen aurreko egoerara itzuli behar dela uste du sindikatuak. Hain justu, euren aldarrikapenak babesten dituzten 4.000 sinadura batu dituzte eta Osakidetzari eman dizkiote.