GUREAN GAUR

Gurutze Gorria arduratuko da Donostiara iritsi diren migranteez

Malitik eta Gineatik etorritako 50 iheslari inguru iritsi dira goizean Donostiako autobus geltokira. Esana zieten Donostian Gurutze Gorriak edo gizarte zerbitzuek lagunduko zietela, baina ez Gurutze Gorriak, ez Gipuzkoako Foru Aldundiak ezta Donostiako Udalak ere ez zuten etorreraren berri.

Goiza geltokian pasatu dute eta ondoren Gurutze Gorria egin da haien kargu: janaria eman eta ostatua bideratuko dietela jakinarazi dute. Ondoren, banakako balorazioa egin eta baliabiderik egokienak eskuragai jarriko omen dizkiete.

Ba, hain justu, CEAR Euskadik datuak eman ditu eta esan du iaz ia 1.000 lagunek eskatu zutela asiloa EAEn.

Zehazki, 2017an 970 lagun inguruk eskatu zuten asiloa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2016an zenbatutako kopuruaren bikoitza litzateke hori. CEAR Euskadik eman du datua, urteko txostena aurkeztearekin batera. Errefuxiatuei babes ematen dien erakundeak ohartarazi du baliabide guztiak erabiltzen ari direla errefuxiatuen krisiari erantzuteko: eta sistema kolapsatuta dagoela, eta baliabide gehiago behar dutela.