GUREAN GAUR

Sanchezek espetxe politikaz egindako hitzak ontzat jo dituzte euskal alderdiek

Zer egiteko asmoa duen zehaztu gabe, baina Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriak espetxe politika aldatzeko intentzioa baieztatu du. Presidente denetik eskainitako lehen elkarrizketan esan du, ETA desegin ondoren, beste espetxe politika batekin aurre egin behar zaiola auziari.

Eusko Jaurlaritzak begi onez ikusi ditu Sanchezen hitzak. Josu Erkoreka bozeramaileak esan du salbuespenezko legedia bertan behera uzteko garaia heldu dela, eta Jaurlaritza prest dagoela laguntzeko Sanchezek iragarritako urratsak lehenbailehen egin daitezen.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, hitzak baino, ekintzak baloratuko ditu koalizio abertzaleak. Hori bai, argi utzi du legedi arrunta ezarrita presoen egoera hobetzeko aukerak badaudela, eta Sanchezek Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin duen bilkuran espetxe politikaz hitz egiteko aukera baliatu beharko lukeela.