GUREAN GAUR
Elkarrizketa

Anari: "Neure buruari zor diot saria inguruko sortzaileen arteko partaide gisa hartzea"

Hogei urte pasako ibilbidearen aitorpen gisa, Anarik Adarra saria jasoko du Donostia Kulturaren eskutik, ostegunean, Viktoria Eugenia antzokian. Ibilbide horretan ondoan izan dituen musikariekin eta zaleekin ospatzeko baliatuko du saioa, atzera begiratzeko baino gehiago. Bere hitzetan, ez baita nostalgikoa.

Saria jasoko zuela jakin zuenean, harriduraz eta lotsa puntuarekin jaso zuen albistea, baina poza ere sentitzen du. Parada hori gozatzeko baliatu nahi du, eta esker ona adierazi du sariak ematen dion erreferentziazko tokiagatik ere.

Asko errepikatu da Adarra saria jasoko duen lehen emakumea izango dela. Lehen edizioan, Mikel Laboari hil ondorengo omenaldia egiteko baliatu zuten saria. Ondoren, Benito Lertxundik, Ruper Ordorikak eta Fermin Muguruzak jaso dute. Anarik sortzaile gisa hartzen du saria, eta emakume gisa hartzeagatik ere zorteko sentitzen da, ikusgarritasunerako gakoa izan daitekeelakoan.

Ostegunean, Anariren ibilbide osoko kantuak entzuteko aukera izango da Viktoria Eugenia antzokian. Disko bakoitzetik hiruzpalau aukeratuta eta taldearen bidean modu batean edo bestean Anariren parte izan diren musikariak ere oholtzan direla.