GUREAN GAUR

Beren musika lanen jabe izan nahi dutenak batu ditu Erro zigiluak

Erro musika zigilua aurkeztu dute Izaki Gardenak, Montauk eta Joseba B. Lenoir taldeetako kideek daude, eta horienak izango dira kaleratuko dituzten lehenen lanak.

2018ko neguan hasi zen ideia sortzen. Aurretik hainbat modutara diskoak kaleratu zituzten hiru taldeek, eta hurrengoetarako autoekoizpenera jotzeko asmoa zuten. Nor bere lanen jabe %100 izateko. Horrek, ordea, gehienetan bakarka aritzea dakar, eta horrek besteen esku uzten ez den lana norberak egin behar izatea. Lan horiek elkarrekin egiteko asmoak elkartu ditu, beraz.

Zigilu kide diren taldeek badute musika estiloan antzekotasunik, AEBetako soinuetarako joera. Eta horrek ematen dio zigiluari estilo uniformetasun bat. Baina aurrera begira beste estilo batzuetako taldeei ateak zabalik utzi dizkiete. Gasteizen sustraitu da diskoetxea, eta, printzipioz, bertan eta bertatik ariko da.

Esan bezala, hasieran hiru taldek osatzen dute zigilua, eta hiru taldeon lanak kaleratuko ditu 2018an. Lehenengo erreferentzia, eta dagoeneko plataforma digitaletan aurki daitekeena, Joseba B. Lenoirren singlea da.

Diskorako talde berria ere osatu du, formatu berezikoa: bi bateria, bi gitarra, bi ahots, teklatua eta baxua. Uda honetan hainbat kontzertu emango ditu eta, oraingoz, kontzertu hauetan besterik ezin izango da erosi lan hau.

Horrez gain, Izaki Gardenak eta Montauk taldeek udazkenean kaleratuko dituzte euren diskoak, biak ala biak datorren astean sartuko baitira grabaketa estudioan.