GUREAN GAUR

Pobreziaren aurkako Herri Ekimen Legegilea babestu dute ELAk eta LABek

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratze bana egin ditu Bilbon eta Iruñean: Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusian, bata; Nafarroako Parlamentuaren aurrean, bestea. Hain zuzen ere, kartak martxan duen pobreziaren kontrako Herri Ekimen Legegilearen testuinguruan egin ditu deialdiak, eta Bilbokoan parte hartu dute Adolfo Muñoz eta Garbiñe Aranburu ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiek.

Garbiñe Aranburuk gogoratu du Herri Ekimen Legegilearen helburua herritar guztiei gutxieneko diru sarrerak eta bizi baldintza bermatzea dela, oinarrizko eskubideen izenean. Izan ere LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, herritarren eskubideak bermatzen ez dituen herri batek ezin du duina izan.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, EAJk eta PSEk aurkeztu berri duten lege proposamenari buruz hitz egin dute, ELAko idazkari nagusiak murrizketei eustea salatu du eta horri aurre egiteko partaidetza ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Hala, herritarrei deia egin diete Herri Ekimen Legegilearen alde sinadura ematera, eta sinadurak biltzen aritu da Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Nafarroako Gobernuaren jarrera ere salatu dute Iruñean, Herri Ekimen Legegilearen tramitazio bera ukatu baitu. Zehazki, Nafarroako Parlamentuko mahaiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartari jakinarazi dio erabaki duela ez dituela onartuko tramitera Bermaturiko Errenta hobetzeko aurkeztu den Herri Ekimen Legegilea, ez eta alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko eskubidea. LABeko ordezkari Imanol Karrerak gogor egin du horren aurka.