GUREAN GAUR

Aldamar kaleko lokal okupatua hustu dute ertzainek Donostian

Donostiako alde zaharreko gazte lokal berria, urte luzez hutsik izan den bideokluba eta joan den larunbatean hainbat gaztek okupatu zutena hustu eta itxi egin dute. Goizean goiz iritsi dira udaltzainak, ertzainez lagunduta, eta zigilatu egin dute. Legez kanpo eta agindu judizialik gabe egin dutela salatu dute gazteek.

Bizilagunak biltzen hasi dira inguruan, eta gertatzen ari zena grabatzen hasi dira batzuk. Pertsona horiek identifikatzen hasi da polizia, tartean, Irutxuloko Hitzako kazetari bat. Alde zaharreko gazte batek ez du identifikatu nahi izan eta komisaldegira eraman dute.

Jendea errepidean eseri da atxiloketa saihesteko eta poliziak indarrez jo du haiengana. Udalak adierazi du “partikularren arazoa” dela. Lokalaren jabeak lokala berreskuratzea eskatu duela, eta polizia epailearen ebazpen bat betetzen ariko dela. Ba gazteek asanblada egiteko deialdia egin dute, 18:00etan, Aldamar kalean bertan eta 21:00etan, berriz, manifestazioa egingo dute Trinitate plazatik abiatuta.

Joan den larunbatean okupatu zuten Aldamar kaleko 32. zenbakiko lokala. Auzo lokal bihurtu nahi zuten gazteek, eta urte askoan hutsik egon den espazioa txukuntzen eta prestatzen ibili dira egunotan. Azken hilabeteetan, auzoko hainbat eraikin eta lokal “berreskuratzeko” saiakera egin dute gazteek. Esaterako, pasa den martxoaren 24an, Abuztuak 31 kaleko eraikin bat okupatu zuten, eta gazteek, orduan ere, poliziak ilegalki aterarazi zituela salatu dute asteburuan.