GUREAN GAUR

Aniztasunaren aldeko txupinazoak lehertu du sanferminetako festa

Abian dira 2018ko sanferminak Iruñean. Festa giroan eta mundura aniztasunaren aldeko mezua igorriz hasi dira, Motxila 21 taldeko kideek jaurtitako txupinazoarekin. Ibai Ganuza eta Leire Zabalza izan dira ohore hori izan duten ordezkariak eta etenik gabeko bederatzi eguneko festari hasiera eman diotenak.

Iruñeko Udaletxe plaza jendez lepo zegoen eta aldarrikapen bat baino gehiago ere ikus zitezkeen: Altsasuko gazteak aske uzteko eskatzen zuen pankarta, ikurriña edo Nafarroako bandera, euskal preso politikoak aske uzteko pankarta eta gaztetxeen aldekoa, besteak beste. Nola ez, duela bi urteko talde bortxaketaren harirako erabaki juridikoak ere kritikatu dituzte.

Udaletxeko balkoian, berriz, bandera ofizialen ondoan haga huts bat utzi dute aurten, ikurriña jartzeko mehatxu judizialak eraginda. Eta udaletxe barruan egon dira Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidentea, Bakartxo Tejeria Eusko Legbiltzarreko presidentea eta Altsasuko gazte espetxeratuen senideak, besteak beste.