GUREAN GAUR

Aldebiko batzordea martxan jartzea adostu dute Sanchezek eta Torrak

Espainia eta Kataluniako gobernuetako presidenteek adostu dute aldebiko batzordea martxan jartzea. Quim Torrak Pedro Sanchezi adierazi dio irtenbide politikoa autodeterminazio eskubidea dela. Sanchezek, ordea, autogobernu gorena eta konstituzio boterearen deszentralizazioa eskaini dizkio.

Madrilen eta Bartzelonaren arteko harremana eta elkarrizketa berreskuratzeko batzartu dira Sanchez Espainiako presidentea eta Torra Kataluniako Generalitatekoa, Madrilen. Arazo politikoak irtenbide politikoa behar duela uste du Torrak eta Sanchez ere uste berekoa delako poztu da. Baita bilkuran gai guztiez hitz egiteko aukera izan dutelako ere.

Bilkurako gai garrantzitsuetako bat, espero zitekeenez, autodeterminazio eskubidea izan da. Calvok baieztatu du Torra autodeterminazio eskubideaz mintzatu dela eta Sanchezek erantzun gisa autogobernu gorena eta Konstituzioaren eta boterearen deszentralizazioa eskaini dizkiola.

Espainiako presidenteordeak baieztatu du Madril prest dagoela Kataluniako "lege batzuei" betoa kentzeko, energiari, pobreziari edo osasun unibertsalari buruzkoei, adibidez. Hurrengo bilera Bartzelonan egitea eskaini dio Torrak Sanchezi, eta Calvok baieztatu du egin egingo dela, datarik eman gabe.