GUREAN GAUR

Jose Maria Setien hil da, euskal gatazkaz iritzi argia zuen gotzain emeritua

Elizan zuen karguarengatik pertsona ezaguna izan da Jose Maria Setien, baina baita Euskal Herriko gatazkari buruz egin dituen adierazpen politikoengatik ere. Setienek nabarmendu zuen Elizak ezin ziola Euskal Herriko gatazkari bizkar eman.

Iktus baten ondorioz, igandeaz geroz, ospitaleko zaintza berezietan egon ondoren hil da. Jose Maria Setien 1979tik 2000ra izan zen Donostiako gotzain. Urte horretan, iktus bat izan zuen, eta beste iktus baten eraginez zen du da bart, 02:00ak inguruan, Donostiako ospitalean. Hernanin jaioa da, eta 90 urterekin hil da.

ETAren jarduna gaitzetsi zuen, baina harekin "bigun" aritzea leporatu izan zioten zenbait sektore ez-abertzaletatik. Bestalde, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen alde agertu izan da, baita ETAri amaiera eman eta gatazka gainditzeko bake prozesua bultzatzearen alde ere.

2003an, Urrezko Domina eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak, "komunitatearen alde zuzentasunez eta koherentzia intelektualez aritu delako lanean, eta justizia, elkartasuna, askatasuna eta norbanakoen eta taldekoen eskubideak errespetatzea eraginkortasunez defendatu duelako".

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren esanetan, pertsona eredugarria izan da Setien, "bizitzan konpromiso zuzena eta zintzoa erakutsi zuena". Twitter bidez nabarmendu du gotzainak bizikidetzaren aldeko konpromisoa izan zuela. Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok ere Setienen ibilbidea goratu du. Haren hitzetan, "lider sozial eta espiritual bat" izan zen, eta gizartean utzi duen arrastoa "sakona" izan dela ziurtatu du.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan adierazi du Setienek elkarrizketaren eta bakearen aldeko jarrera izan zuela euskal politikari dagokionez. Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentearen iritziz, Setienek "ahalegina" egin zuen Eliza Katolikoa "bizirik" mantentzeko. Hala ere, Alonsok adierazi du ez zuela behar besteko "ulermena" izan "terrorismoaren biktimekin".