GUREAN GAUR

Martxoaren 3ko biktimak aitortzeko eskatu dio Urtaranek Sanchezi

Martxoak 3 elkarteko kideek Bruselara egingo duten bidaiaren bezperan, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak Espainiako Gobernuko presidenteari eskatu dio aitortza egin diezaiela 1976ko martxoaren 3ko biktimei. Zehazki, Urtaranek gutun bat igorri dio Pedro Sanchezi, eta idatzian eskatu dio martxoaren 3ko biktimek terrorismoaren biktimen pareko aitortza izan dezatela.

Hain justu, asteazkenean, Martxoak 3 elkarteko Nerea Martinez eta Imanol Txasko joango dira Europako Parlamentuko Eskarien Batzordera, eta eskatuko diote dei dezatela Espainia 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako gertakarien egia, justizia eta ordaina bermatzera. Horrez gain, hura berriz ez gertatzeko bermeak ere eskatuko dituzte.