GUREAN GAUR

Diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik onartu du Alemaniak Puigdemonten estradizioa

Alemaniako Justiziak Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente kargugabetua espainiaratzea erabaki du, diru publikoaren erabilera bidegabea leporatuta. Aldiz, baztertu egin du Kataluniako presidente ohiari matxinada delitua leporatzea. Horrenbestez, Espainiako Justiziak soilik Alemaniak onartutako akusazioarengatik epaitu ahalko du.

Schleswig-Holstein landerreko Lurralde Auzitegiak hartu du Carles Puigdemont espainiaratzeko erabakia. Auzitegiak ez du Kataluniako presidenteordearen kontrako kautelazko neurririk agindu, eta Puigdemontek aske jarraitzen du. Espainiako Auzitegi Gorenak Puigdemonten entrega baztertzeko aukera du, eta litekeena da Pablo Llarena instrukzio magistratuak hala egitea, Kataluniako presidente ohiari soilik diru publikoaren erabilera bidegabea leporatzen diolako.

Izan ere, Llarena kontraesan nabarmenean eroriko litzateke Puigdemonti delitu hori bakarrik leporatzea onartuko balu, kontuan izanik Kataluniako prozesu subiranistan Puigdemontek baino ardura apalagoak izan dituzten auzipetuei delitu larriagoak leporatu dizkiela: matxinada eta desobedientzia, hain zuzen.

Gorenak Alemaniako Justiziaren espainiaratzea ontzat emanez gero, Puigdemonti sei urteko kartzela zigorra ezarri ahalko lioke gehienez ere, eta hamar urtetarako kargu publikoetarako ezgaitu. Aldiz, matxinada delituagatik kondetatutakoek 25 urtera arteko zigorra jaso dezakete.

Quim Torra Kataluniako presidenteak Twitter bidez adierazi du "albiste oso ona" dela Alemaniako Justiziaren erabakia. Oso pozik dagoela Puigdemontengatik eta sekula hasi behar ez zuen auzi baten amarru eta gezurrak agerian gelditu direlako beste behin. Europan irabaziko dutela uste du Torrak.

Puigdemont martxoaren 25ean atxilotu zuen Alemaniako poliziak, herrialdearen eta Danimarkaren arteko mugan. Haren kontrako euroagindua eman zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak behin-behinean aske utzi apirilaren 5ean, entrega eskaria aztertu bitartean.

Goreneko magistratu Llarenak matxinada delitua leporatu zien Puigdemonti eta beste hamabi buruzagi independentistari. Auzipetze autoan ziurtatu zuen boterearen erabilera "bidegabea" egin zutela "altxamendu" bat bultzatzeko, "armarik gabe", baina indarkeria erabiliz. Alemaniako Justiziak, Espainiakoak ez bezala, ez du nahikoa arrazoi ikusi Pugdemonti matxinada delitua leporatzeko.