GUREAN GAUR

Ibilaldi gidatua, komikiaren euskal hiriburuan

Donostia komikiaren euskal hiriburua dela erakutsi asmoz, komikiaren ibilbidea egin dute asteburuan, Ereiten Kultur Zerbitzuak antolatuta. Eguerdian hasi eta bi orduz, Mikel Begoña, euskal komikiaren historian adituak, Unai Iturriaga, bertsolari zein marrazkilariak, eta Ainara Azpiazu 'Axpi' eta Mikel Antero marrazkilariek hainbat azalpen eman zituzten.

Donostian sortu ziren Lehen euskal komiki tira, 'Txistu', 'Poxpolin', 'Panpin', 'Ipurbeltz', 'Habekomik' edota 'Xabiroi'.Hiri horretan lehenik prentsan eta berehala aldizkarietan agertu zen euskal komikia. Eta larunbatean osatutako Ibilbidean zehar komiki horiek zein orube, etxadi, solairu edo lokaletan sortu ziren ikusi zuten bertaratu zirenek. Era berean, sorkuntza puntu hauen artean dagoen distantzia laburrari aipamena egin zioten ibilbidearen gidariek.

Euskal komikigintzaren erreferentzia nagusi horiek guztiak Donostian jaio ziren eta bertan kokatuta dago Komikigunea komiki-zaletasunaren ikur nagusienetako bat. Hortik abiatu zen, hain zuzen, larunbateko ibilaldia eta bukatu ere bertan egin zen.

Larunbateko txangoa ez da, ordea, Komikilabeak aurten antolatuko duen jarduera bakarra. Irailean eta azaroan, esaterako, tailerrak egingo dituzte Ubik Donostiako Tabakalerako liburutegian Lehenengoa, 6 eta 10 urte arteko umeei zuzendutakoa izango da, gazteak komiki mundura gerturatzeko lantegia. Komikietako pertsonaiekin, narrazioekin eta biñetekin jolas egiteko aukera emango diena.

Bigarren tailerra Garbiñe Ubedak zuzenduko du eta eskola taldeekin egingo den lantegia izango da. Nork bere heroia definitzeko eta marrazteko lantegia, baita pertsonaiek zein ezaugarri dituzten aztertzeko ere. Topikoak, estereotipoak eta sinbologiaren garrantziaz arituko dira.

Horrez gain, Sergio Garciak lantegi intentsiboa antolatuko du komikien egitura aztertzeko. Eta azkenik, Kike Infamek komikien eta arkitekturaren arteko lotura aztertzeko aukera bibliografikoa egingo du.