GUREAN GAUR

Bilbora iristen diren errefuxiatuentzako baliabideak bermatzeko eskatu dute

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak elkarretaratze bana egin du Bilboko udaletxearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren parean. Hala, Bilbora iristen diren persona guztientzako baliabideak bermatzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari, diputazioari eta udalari.

Izan ere, Bilbora iritsitako 47 lagunek seigarren gaua pasatu dute Atxuriko kantxetan, bertako auzotarrek harrera eginda. Atxurigorri elkarteko kideak dira horretaz arduratzen ari direnak, eta jakinarazi dute migranteetako batzuk beste herri batera joateko asmoa badute ere, gainerakoek Bilbon geratu nahi dutela. Elkarteak egoera hori salatu du agintarien aurrean; alde batetik, migratzaileen beharrei ez dietelako behar bezala erantzuten, eta, bestetik, martxan jarri diren dispositiboak, nahikoak ez direlako.

Joan den astean, Gurutze Gorriak 88 plazako aterpetxe bat egokitu zuen, baina hiru egunez soilik egon daitezke bertan. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak lehenago ere salatu du Bilboko Udalak eskaini duen zerbitzu bakarra Gurutze Gorriak erabiltzen duen 48 oheko aterpetxe bat izan dela. Lo egiteko eta gosaltzeko aukera eskaintzen dietela soilik eta bi gautan soilik erabil dezaketela.

Hain justu, aterpetxe horretan beste 40 lagunentzako lekua bermatu dute erakunde publikoek. Eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko aldundia eta Bilboko Udalaz gain, Gurutze Gorria, CEAR-Euskadi eta Munduko Medikuak elkarteek ere parte hartu dute. Administrazio bakoitzak egin duen ekarpen ekonomikoari dagokionez, 100.000 euro Jaurlaritzak jarri ditu; 30.000, diputazioak; eta 20.000, udalak.

Badirudi, ordea, ez dela nahikoa eta Atxuriko kantxetan hartu dituzten hamarnaka migranteak horren erakusle. Hargatik, egoera konpontzeko beharrezko baliabideak exijitu dizkie Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak erakunde publikoei.