GUREAN GAUR

Goi mailako futbola, Gipuzkoa Elite Women Cupen

Abuztuaren 17tik 19ra, Donostian jokatuko da Gipuzkoa Elite Women Football Cup txapelketa. Aurre-denboraldian zehar taldeen konpetizio tentsioa mantentzea eta emakumezkoen futbolaren protagonismoa aldarrikatzea da lehiaketaren helburua. Reala Europako talde indartsuenekin lehiatuko da Zubietan jokatuko den txapelketaren lehen edizioan.

Iñigo Diaz de Cerio Realeko jokalari ohia izan da txapelketaren antolatzaile nagusia. Piolet Aholkularitza eta Kudeaketa enpresaren sortzailea da eta emakumezkoen futbolak dituen beharrei erantzuna emateko antolatu du lehiaketa. Aurre-denboraldian zehar taldeen konpetizio tentsioa mantentzea eta zaleek emakumezkoen futbolaren inguruan eskatutako kalitatezko ikuskizuna eskaintzea izango da Gipuzkoa Élite Cupen helburua.

Horretarako, talde ezin hobeak etorriko dira txapelketara. Txuri-urdinen liga berean jokatzen duen Atletico de Madridek, Paris Saint Germainek eta Fortuna Norring talde danimarkarrak ikuskizun ederra eskainiko dute Zubietara gerturatzen direnentzat. Madrilgo taldeak azken bi Iberdrola Ligak irabazi ditu, Pariskoak frantziako kopa irabazi du aurten eta duela bi urte Txapeldunen Ligako txapeldunorde izan zen eta Fortuna bigarren izan da bere ligan. Guztiek jokatuko dute aurten Txapeldunen Liga, beraz oso aurkari gogorrak izango ditu talde gipuzkoarrak.

Mariasun Quiñones eta Nahikari Garcia Realeko jokalarientzat aukera polita da emakumezkoen futbolaren protagonismoa aldarrikatzeko eta aurrerapausoak ematen joateko. Argi dute oso partidu zailak izango direla, baina denboraldia prestatzeko partidu ezin hobeak direla azaldu dute.

Kiroletako zinegotzi Martin Ibabek, kirolean berdintasuna aldarrikatu du eta horrelako txapelketa bat gizartearen errealitatearen isla denez, Donostiako Udalak bat egingo duela adierazi du. Horrelako lehiaketei esker Gipzukoak emakumezkoen kirolean duen lidergoa indartzen dela adierazi du Denis Itxasok. Euskal zaletuek Irene Paredes, Paris Sain Germaineko jokalari gipuzkoarra ikusteko aukera izateak ekitaldiari balio erantsia emango diola uste du.

Zozketa egin ostean Realak frantziarren aurka jokatuko du finalerdietan eta Fortuna Norringek Atletico de Madriden aurka. Norgehiagoka hauek abuztuaren 17an jokatuko dira, eta finala abuztuaren 19an izango da. Egun bateko sarrerak 10 euroko kostua izango du, eta bi egunetan bertaratu nahi izanez gero, 15 euro ordaindu beharko dira. Irabazien %20a Gaixotasun Arraroen Asoziaziora eta AELIP Lipodistrofias gaixotasunaren elkartearentzat bideratuko da.