GUREAN GAUR

Euskaltzaindia, mendeurrenean euskararen mugarrieri begira

Euskaltzaindiaren mendeurrena dela eta, Ohorezko Patronatuaren bilera egin dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitza nagusian. Bertan izan dira, besteak beste, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Nafarroako Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria edota Beñat Arrabit Euskararen Erakunde Publikoko presidentea.

Euskaltzaindia sortzeko prozesua 1918ko urtarrilean jarri zen abian, Ramón de la Sotaren taldeko Koxme Elgezabal eta Felix Landaburu Bizkaiko ahaldun abertzaleek proposamena aurkeztu zutenean. Proposamen hori 1918ko urtarrilaren 25ean eginiko bilkuran onartu zen, eta data esanguratsu horren harira egin da gaurko ekitaldia.

Eusko Jaurlaritzkao lehendakariaren esanetan, euskara eta hiztunak indartzeko balio izan du Euskaltzaindiaren lanak. Euskararen mugarri gisa nabarmendu du Euskaltzaindiaren sorrera eta mendeurrenean izango den beste mugarria Euskaraldia izango dela esan du Urkulluk.

Euskaltzaindiak mendeurrena ospatuko du 2018ko irailetik 2019ko urrira bitartean. Jardun instituzionalen artean aurreikusitako bi ekitaldi nagusietako bat izan da Bizkaiko Foru Aldundian egindakoa, eta bestea Gipuzkoako Foru Aldundian egingo dute, 2019ko urrian, mendeurrenari amaiera emateko.