GUREAN GAUR

Presoen urrunketa salatzeko tourra

Orain Presoak dinamikak antolatutako bizikleta martxa hasi da gaur. Mont-de-Marsango espetxetik abiatu eta Zaballako espetxeraino joango dira lau etapetan banatutako ibilbidea osatuz. Urrunketa politikoak senideen kolektiboan eragiten duen sufrimendua aldarrikatuko dute, presoak bisitatzeko egin beharreko kilometroak eta bidean dituzten zailtasunak irudikatuz.

80 bat kilometroko lau etapetan banatu dute bidea, Mont-de-Marsan - Baiona, Baiona - Donostia, Donostia – Altsasu eta ibilaldia bukatzeko azken egunean Altsasutik Zaballara joango dira Gasteiz zeharkatuz. Bertan amaituko dute martxa, Zaballako espetxea politikaren aldaketaren ikur bihurtzea nahi dutelako. Senideek presoak bisitatzeko egin beharreko kilometroak eta bidean dituzten zailtasunak irudikatu nahi dituzte horrela.

Sare eta Bagoaz elkarteek, lau alderdi jakin konpontzea ezinbestekoa dela adierazi dute: larri gaixorik dauden presoen egoera, lehen graduaren ezarpenaren amaiera, salbuespen legedia indargabetzea, eta beste estatu batean aurrez betetako zigorrak zenbatzea lehentasunezko gaiak direla aldarrikatu dute.

Ibilbidea hasi aurretik, antolatutako dinamikei esker presoak etxera gerturatzen ari direla baina euskal preso guztien hurbilketa eskatzen dutela adierazi du Emilie Martinek. Inaxio Oiartzabal Sareko bozeramaileak, Ipar Euskal Herriko bidea jarraitu behar dela azaldu du. Herritarren gehiengoak beraien aldarrikapenekin bat egiten duela ere azpimarratu du.

Duela bi egun, Fernando Grande-Marlaska, Espainiako Barne ministroa, Euskal presoen hurbilketez mintzatu zen. Gaia landu gabe dagoela eta tratamendu batzordeak ez duela inoren hurbilketa aztertzeko bilerarik egin esan zuen.

Bestalde, Sao Pauloko Foroan parte hartzen ari diren alderdiek Euskal Herriari buruzko ebazpen bat onartu zuten Habanan, Espainiako Gobernuari benetako bake baterantz pausoa k emateko eskatuz.