GUREAN GAUR

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako hitzarmen duina eskatzeko mobilizatuko da LAB

Azaroan urtea beteko da Gipuzkoako helduen egoitzetako lan hitzarmen berria negoziaziatzeko mahaiak azken bilera egin zuenetik, eta LAB sindikatuak salatu du ordutik ez dutela inolako harremanik izan.

Herrialdeko hitzarmenaren beharrean daudenak 5.000 langile inguru dira. Sindikatuak salatu duenez, 2012ko soldata taula eta lan baldintzekin jarraitzen dute, eta kasu batzutan lan baldintza okerragoak dituzte. Leire Ormazabalen hitzetan, gainera, hitzarmenik ezak eragin zuzena du egoiliarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean ere.

LABeko ordezkariak zehazu du sindikatuak egin dituela ahaleginak negoziazioa berreskuratzeko, baina ez dutela erantzunik jaso. Gipuzkoako zahar egoitza eta eguneko zentroetako zerbitzua izanik, egoeraren erantzule nagusia aldundia da Ormazabalen ustez, baina sektoreko patronalak ere utzikeriaz jokatzen ari dira. Hargatik, mobilizazio kanpainari ekin diote aldundi aurreko elkarretaratzearekin eta eskualdeetara hedatuko dute dinamika datozen hilabeteetan.