GUREAN GAUR

'Zendabalitz' eleberria idatziko du Erika Elizarik, XXI. Igartza sariari esker

Erika Elizarik izango du aukera XXI. Igartza saria baliatuta ‘Zendabalitz’ eleberria idazteko. Hamabi proiektu izan dira aurtengo Igartza sariketara aurkeztu dituztenak eta horien artetik Elizarirena aukeratu du Miren Amurizak, Igor Estankonak eta Garazi Kamiok osatutako epaimahaiak. Pozik hartu du berria Elizarik, baina argitu du beretzat berria den mundu batean murgiltzera doala.

Momentu oso konkretutik abiatuko da ‘Zendabalitz’ liburuko istorioa. Arazo tekniko bategatik aireratu ezin duen hegazkin bat irudikatu du, eta bertatik atera ezinda geratutako bidaiarien burutazioek harilkatuko dute kontakizuna.

Egoera horretan, bidaiariei sortzen zaizkien kezketan jarri du fokua Elizarik, hain zuzen, iraganari edo geroari lotutako beren gogoetetan. Zehazki, zazpiren istorioak tartekatuko ditu eleberrian, haien barne bakarrizketetan jarriko du arreta.

Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkarrek antolatzen dute Igartza saria, idazle gazteei proiektu bat garatzeko aukera ematen diena. 21. aldia du aurtengoa. Dena ondo bidean, ‘Zendabalitz’ eleberria urte eta erdi barru argitaratuko du Elkar argitaletxeak.