GUREAN GAUR

"Engainatuta", argazkiak biluzik atera zizkielako, epaitegietan salatu dute Haritz Varela

Hamar emakumek auzitara jotzeko erabakia hartu dute, salatu dutenez, Haritz Varelak «engainuz» argazkiak biluzik atera zizkielako. Iazko uztailean atera zen kasuaren berria. Sortuk jakinarazi zuen Donostiako «militante ezagun bat» bota egin zuela, bere postua baliatuta neska gazteei argazkiak biluzik egin zizkiela eta.

Donostiako Piraten mugimenduko partaide ere bazen Varela eta handik ere bota zuten. Argazkiak egin zizkien emakume horietako batzuek salaketa ipini dute orain, eta martxan da prozedura: jakinarazi dute deklaratzera deitu dutela akusatua. Hamar emakumek jo dute epaitegira, baina azaldu dute askoz gehiago direla eraso horiek jasan zituztenak: 40 neska inguru.

Varela kanporatu zuela jakinarazi zuenean, Sortuk salatu zuen ezker abertzalean zeukan «erreferentzialtasuna» erabili zuela neskengana hurbiltzeko eta «engainua» egiteko. Hori berretsi dute salatzaileek ere, erasotzaileak baliatu egin zuela emakume horiek harekiko zuten konfiantza. Argi dute, ordea, egoera salatu eta horri aurre egiteagatik ez dutela ezer txarrik egin eta salaketarako pausoa eman nahi duten gainerako erasotuei ere beren babesa adierazi diete.

Salaketa jarri eta epaitegietara jotzeko bidea ez dela erraza izan ere salatu dute, bide batez, epaitegien izaera matxista eta eraso sexistei ematen dieten trataera desegokia ere jarri dituzte jopuntuan. Horrez gain, erasoa salatu ondoren, egoera deserosoei ere egin behar izan diete aurre: haien hitza zalantzan jarri dutela sentitu dute, asko bakarrik sentitu dira, berriz ere biktimizatu dituztela sentitu dute edota administrazio arloko oztopoekin topo egin dute.

Orain, ordea, aurrera begira jartzeko asmo irmoa erakutsi dute. Jakitun dira eraso matxistak jasateko arriskua izango dutela aurrerantzean ere, gertuko espazioetan eta gizartekoetan, oro har. Baina orain arteko bidea elkarrekin egin izanak indartu ditu eta horri eutsiko diete.