GUREAN GAUR

Krisi egoera gainditzeko gobernu aldaketak egin ditu Macronek

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak aldaketak egin ditu gobernuan eta Christophe Castaner jarri du Barne Ministerioaren buru, orain arte gobernuko bozeramailea izan dena eta Macronen erabateko konfiantza duena. Horrekin batera jakinarazi du Eliseoak Macroni etapa berrian lagunduko dioten ministroen zerrenda, azken asteetako gorabeheren ondoren.

Nicolas Hulot Ingurumen ministroaren eta Gerard Collomb Barne ministroaren dimisioen ondoren, Barne Ministerioan, Kulturan eta Laborantzan egindako aldaketekin krisi egoerari aurre egitea espero du Macronek. Castanerrek ondoan izango du Laurent Nuñez estatu idazkaria. Jacqueline Gourault lurraldeen ministroa izango da, eta ondoan izango ditu Sébastien Lecornu et Julien Denormandie; Kultura ministerioan, Franck Riester ezarri dute, hark azken hilabeteetan polemikek zipriztindu duten Françoise Nyssen ordezkatuko du. Laborantza ministerioa Didier Guillaumek hartuko du, senatari sozialisten buru ohiak. Azkenik, Marc Fesneau arduratuko da gobernua eta parlamentuaren arteko harremanez, Edouard Philippe lehen ministroaren ondoan.

Azken hilabeteetan gorabehera handiak izan ditu Frantziako Gobernuak, eta Benalla aferaren ondoriozko Macron ahulduaren irudia erakutsi dute. Azken asteetan, ezkerreko zein eskuineko politikari bat baino gehiagok jakinarazi du publikoki Frantziako Gobernuan sartzeari uko egin izan diola. Hain justu, deigarria izan da gobernu aldaketa jakinarazteko modua ere: lehen ministroaren ala gobernuko bozeramailearen ohiko adierazpenen ordez, agiri bidez jakinarazi baitituzte ministro berriak.