GUREAN GAUR

010 Bilboko Udaleko zerbitzuko langileek 5. greba eguna dute gaur

Lanalde enpresak azpikontratatutako 12 langileek lanuzteekin jarraitzen dute beren lan baldintzak defendatzeko. Enpresaren eta Bilboko Udalaren jarrera salatu dute: hain zuzen, beraiekin soilik posta elektronikoz jarri direla harremanetan adierazi dute. Bosgarren greba eguna izan da gaurkoa. Arreta zerbitzuko langile hauek kudeaketa eta argibideak ematen dizkiete herritarrei, galdera bakoitzari erantzun espezializatuak emanez. Langileen grebaren ondorioz, beste sail batzuetara bideratu dute telefono bidezko arreta. Langileen esanetan, erantzungailu automatikoak ez du adierazten langileak greban daudenik, arazo teknikoen ondorioa dela baizik. Beren gainerako lanak ere automatizatu egin dituztela azaldu dute. Adierazi dute ez dutela "lerro gorririk" jarri, ez bada telemarketineko hitzarmenari uko egitea. Nabarmendu dute puntu guztiak negoziatzeko prest daudela.