GUREAN GAUR

Ibon Aranberriren "Itzal marra" lana aurkeztu dute Museo Bikoitza proiektuaren baitan

2014an, Asier Mendizabalek Soft Focus lana jarri zuen abian San Telmo museoan. Lan horri jarraikortasuna emateko, San Telmo museoak Museo Bikoitza proiektua jarri zuen martxan 2018an. Museoan egiten den aldizkako esku-hartzeen programaren barnean dago Museo Bikoitza proiektua, eta urtero artista gonbidatu batek gauzatuko du. Aurten, Ibon Aranberri izan da Asierrek hautatu duen gonbidatua. Gonbidatuak museoarekin lotutako lan bat aurkeztu beharko du, eta helburua da bildumaren eta kontakizun museografikoaren hainbat berrirakurketa bultzatzea. Ibon Aranberrik bi espazio sortu ditu ‘Itzal marra’ lanean. Alde batetik, aurkitutako gainazaletako idazkunen gainean sortutako kalkoen bilduma oso bat aurkeztu du eta, bestetik, eskuz egindako biltegiratze sistema bat berreraiki du.