GUREAN GAUR

Josune Gorospe: "Covid 19ari aurre egiteko plangintzak arintasunez egokitu behar dira momentu bakoitzeko errealitateari"

Josune Gorospe EAJko diputatua elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Covid 19ak eragindako pandemiaren egoera aztertu du, eta azpimarratu du neurriak "etengabe" hartu behar direla. Zentzu horretan, nabarmendu du plangintzak "arintasunez" egokitu behar direla momentu bakoitzeko errealitateari. Era berean, herritar guztiek arduraz jokatu behar dutela azpimarratu du: "Guztiok neurriak hartzen baditugu lortuko dugu gizartean birusaren eragina txikitzea". 

Transferentzien egutegiari dagokionez, Gorospek adierazi du egutegi berria zehaztu dutela dagoeneko Espainiako Gobernuarekin: "Eskumenak gureak dira, horiek aurrera eman ahal izateko funtzioak eta zerbitzuak behar ditugu". EAJko diputatuak nabarmendu du Espainiako Gobernuak egutegia "zintzotasunez" betetzea espero dutela, eta hori horrela izan dadin lan egiteko dutela.

Gorospek Espainiako Kongresuan azkenaldian izan diren zenbait liskar ere izan ditu hizpide: "Osoko bilkuretan gertatzen dena da kaleratzen dena". Hala ere, adierazi du batzordeetan eta lan taldeetan lan "handia" egiten dela, eta badagoela "adostasunak lortzeko giroa".

EAJko diputatuak nabarmendu du Espainiako aurrekontuak are garrantzitsuagoak direla gaur egungo egoeragatik. Espainiako Gobernuaren hitz egiten jarraituko dutela nabarmendu du: "Euskadin eta euskal agendan beharrezkoak sentitzen ditugun gauzak bultzatuko ditugu". 

Europako funtsez galdetuta, erkidegoen ahotsa erabaki guneetan egon dadila eskatu du Gorospek, "herri honen norabidea zuzena izan dadin".

Elkarrizketa osorik ikusgai www.hamaika.eus webgunean.