GUREAN GAUR

Sarek bertan behera utzi du biharko Arrasaten iragarrita zegoen mobilizazioa

Sarek agerraldia egin du gaur Arrasaten, eta iragarri dute bertan behera utzi dutela biharko Arrasaten deitua zegoen mobilizazioa, "konfontazio espaziorik ez elikatzeko".

Plataformak salatu du aste hauetan "presio izendaezina" jasan dutela, eta nabarmendu dute biharko deituriko martxa 7/2003 legearen aurkakoa zela. Hain zuzen, Parotez gain, beste hamalau presok ere 40 urteko espetxe zigorrari aurre egiten ari direla azpimarratu dute. "Une historikotzat" jo dute presoen alorrean bizitzen ari direna, eta adierazi dute "harriduraz" hartu dituztela arlo politiko eta mediatikoko hainbat "jarrera".

Biharko mobilizazioaren ordez, elkarretaratzeak deitu dituzte Euskal Herriko plaza guztietan, bizi osorako zigorren aurka.

Inaxio Oiarzabal plataformako kideak atzo Hamaika Telebistan nabarmendu zuenez, "salbuespenezko legedia" bertan behera utz dezatela eta legedia arrunta aplika dezatela eskatzeko deitu zuten mobilizazioa. Zentzu horretan, Oiarzabalek adierazi zuen "harrituta" zeudela manifestazio hau izaten ari zen oihartzunarekin, orain arte beren ekimenekin bat egin duten pertsona askok "zalantzan" jarri dutelako mobilizazioaren zergatia.