Iruñeko Udalak Agustinasen komentu zaharraren utzaraztea abiatu du astelehen goizean. Goizeko sei eta erdietan hasi dira udaltzainak bertan bizi ziren pertsonak ateratzen, sei graduko tenperaturan eta euripean.
Azken urteotan, Nafarroako hiriburuko kaleetan bizi diren ehunka pertsonentzat babesleku bihurtu da komentu zaharra, eta hainbak eragilek, Apoyo Mutuo eta Negu Gorriak elkarteak, esaterako, ekintza salatu dute, “Udalaren partetik oldarraldi berria” izan dela adieraziz.
Udalak jakinarazi duenez, eraikina hustu ondoren 75 pertsonari eman diete arreta, eta horietatik 51 premiazko baliabide ezberdinetan birkokatu dituzte. Neurri hori, hala ere, hiru eguneko eperako da soilik, eta Udalak adierazi duenez, pertsona bakoitzaren egoera aztertu eta egonkorragoak diren baliabideetan sartzeko aukera baloratuko dute, gaur egungo baliabideen egoera kontuan hartuta. Horregatik ere, honi aurre egiteko inguruko udalerrien laguntza eskatu du.
Bestalde, Txema Mauleón Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, esku-hartzea aurrez programatutako jarduera da, eraikinaren berritze-lanak direla eta. Izan ere, astelehen goizean bertan hasi dituzte obrak, komentu zaharra etorkizunean herritarrentzako zerbitzuak eskainiko dituen zentro soziosanitario bihurtzeko.