Gaizka Leitza eta Leire Llano

Nafarroako euskarazko hezkuntzan eztabaida dago murrizketen harira

Asteazken honetan ‘Atzera pausorik ez!’ lelopean Nafarroako Ikastolen Elkarteak deituta elkarretaratzea burutu dute Iruñeko Hezkuntza Departamentuaren aurrean, Foru Gobernuko sail honek hartutako erabaki “arbitrarioa” salatzeko asmoz. Departamenduak alde bakarrez eta inolako elkarrizketarik gabe erabaki du Nafarroako zortzi ikastolari datozen lau urteetarako itunak ukatzea edo murriztea. Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariaren arabera, “erabakia erabat arbitrarioa izan da” izan ere, “departamentuak jaiotza-tasa bereziki baxuko urtea hartu du erreferentzia gisa, sare publikoan ezartzen diren ratio eta irizpideak aplikatzea saihestuz.”