Astelehen honetan iritsiko dira Bilbora Global Sumud Flotillan zihoazen beste lau euskal ekintzaile. Pasa den astean Israelgo armadak Palestinaren aldeko ontzidiko 22 itsasontzi atzeman eta saboteatu zituen eta bertan zihoazen 175 bat ekintzaile bahitu zituen eta bahitu hauen artean sei euskal herritar daude . Ana Ribacoba Global Sumud Euskal Herriko kideak azaldu du euskal herritarek “oso bizipen gogorrak jasan izan dituztela”: Nahiz eta haiek ez diren torturatuak eta kolpatuak izan, bai ikusi dutela nola kolpatu dituzten flotillako beste kide batzuk eta torturatuen oihuak entzun dituzte ere.
Larunbat gauean Arantza eta Bego ekintzaileak iritsi ziren Bilboko Loiu aireportura eta astelehen honetan beste lau iritsiko dira: Adur, Lander, Salim eta Patxi. Gainontzeko ekintzaileek Kretan, Grezian, jarraituko dute flotilla berrantolatzen. Ribacobak adierazi du “ekintzaileak bahituta ekimena ez dela amaitzen, Palestinaren aldeko borroka ez dela amaituko”.
Thiago de Avila eta Saif Abukeshek ekintzaileak eta flotillako arduradunak bahituak, espetxeratuak eta torturatuak izan dira eta Gazako lurralde okupatuetan Israelek eraiki duen Shikma espetxean dituzte gatibu. Torturak jasan dituzte eta oso “bortizki” kolpatu dituzte, Global Sumud Flotillak jakinarazitakoaren arabera eta horregatik Abukeshekek eta Ávila gose greban daude, pairatutako tortura salatzeko eta askatu ditzaten exijitzeko. Pasa den igande goizean epaitegian deklaratu zuten eta momentuz beste bi egun pasako dituzte espetxean erakunde terrorista bateko kideak izateaz egotzita. Bi ekintzaileengatik arduratuak egon arren, kezka berezia dute flotillako kideek Abukeshekengatik Espainiako eta Suediako pasaportea duelako, baina jatorri Palestinarra baitu. Dena den, Ribacobak esan du “Flotilla berrantolatzen ari dela eta ez dutela ekimena bertan behera utzi”.