Demokraziaren lehen lehendakariak azken arnasa eman du. Carlos Garaikoetxea Iruñean zendu da astelehen honetan, laurogeita zazpi urte zituela. Frankismoaren ostean euskal erakundeak indarberritu zituen Garaikoetxeak, Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan baitzen 1980tik 1985era bitartean.
Iruñean jaio zen, Arrotxapean, 1938ko ekainaren 2an. Orendaingo seminarioan egin zituen ikasketak; Bilbon ostean, Deustun, Ekonomia Zientziak eta Zuzenbideak ikasi baitzituen.
Enpresagintzan eta zuzenbidean urteak eman ostean, 1975ean sartu zen politikagintzan, urte horretan afiliatu zen Eusko Alderdi Jeltzalean, handik bi urtera, Euskadi Buru Batzarreko presidente izendatu zuten. 1980ko hauteskundeen ostean lehendakari hautatu zuten… eta berari egokitu zitzaion Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako arkitektura instituzionalaren habeak diseinatzea eta eraikitzea; izan ere, 1979ko ekainetik Euskal Kontseilu Nagusiko buru izan zen, eta Adolfo Suarez Espainiako Gobernuko presidentearekin negoziaketan ibili zen.
Bost urte eman zituen lehendakari, 1985era arte, eta hain zuzen urte horietan sortu ziren Euskal Irrati Telebista, Osakidetza edota Ertzaintza, besteak beste. Kontzertu Ekonomikoa berreskuratu zuen, eta hainbat krisiri egin behar izan zien aurre: 1983ko Bilboko uriolak, Lemoizko zentral nuklearraren auzia, Espainiako estatu kolpe saiaketa edo Oizko Hegazkin istripua.
Bigarren hauteskunde demokratikoen ostean, 84an, atzera aukeratu zuten lehendakari, baina hilabete batzuk baino ez zituen eman karguan, EAJrekin izan zituen desadostasunak zirela eta. Handik hilabete gutxira Eusko Alkartasuna eratu eta euskal instituzioetan jarraitu zuen.
Iazko ekainean, egungo Jaurlaritzak omenaldia egin zien Garaikoetxeari eta haren taldeari, eta Imanol Pradales lehendakariak demokraziako lehen Eusko Jaurlaritzaren eredua goraipatu zuen.
Garaikoetxearen heriotza dela eta, Eusko Jaurlaritzak hiru dolu egun ezarri ditu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Garaikoetxearen heriotza dela eta. Bihar adierazpen instituzional bat egingo du horren harira. Gorpua Iruñeko Ermitagaña kaleko San Alberto beilatokian egongo da asteartean, eta bihar, berriz, Ajuria Eneko jauregian jarriko dute hil kapera. Hileta elizkizuna, bihar, asteazkenean izango da, Iruñeko San Frantzisko parrokian.