GUREAN GAUR

Euskal bake prozesuari babesa adierazi dio Parisko Udal Kontseiluak aho batez

Euskal Herriko bake prozesuari Frantzian erakutsitako babesa dugu gaurkoan hizpide. Izan ere, Parisko Udal kontseiluak babesa agertu dio prozesu horri. Zehazki, abenduaren 9ko bakegileen manifestazioaren aldeko mozio bat bozkatu dute goizeko osoko bilkuran.

Talde ekologistako Jerome Gleizes eta Komunistak-Ezkerreko Frontea taldeko Nicolas Bonnet eta Raphaele Primet hautetsiek aurkeztu dute abenduaren 9rako manifestazioari eta bake prozesuari sostengua adierazteko mozioa. Gleizesen hitzartzearen ondoren egin dute bozketa eta aho batez onartua izan da.

Aieteko adierazpenari erreferentzia egiten dio onartu duten testuak, apirilaren 8an ETAren desarmatzea gertatu zela gogora ekarri dute, eta akordarazi dute abenduaren 9an Parisen egingo den manifestaziorako bidean "martxa handia" abiatu dela espetxez espetxe. "Biktimak, familiak eta gatazka honek hunki dituen senide guziak" ere gogoan izan dituzte.