GUREAN GAUR

Aranzadi eta Ezkerra udal gobernutik irtenda, gutxiengoan gobernatuko du Asironek

Astearteko udalbatzan sei milioi euroko inbertsio proiektua aurrera ateratzea eragotzita, Iruñeko udal gobernutik kanpo geratu dira Aranzadi eta Ezkerra. Ondorioz, Geroa Baik eta EH Bilduk gutxiengoan gobernatuko dute. Joseba Asiron alkateak eman ditu udal gobernnuko aldaketei buruzko xehetasunak.

Aranzadi eta Ezkerra alderdietako hautetsiak Iruñeko udal gobernutik gkanpo geratu direla azalduta, Joseba Asironek gutxiengoan gobernatuko du. Hortaz, Asiron sostengatzen duen laukoa bikoa izango da aurrerantzean, EH Bilduk eta Geroa Baik osatutakoa.

Astearteko udalbatzak eragin du krisia Iruñeko Udalean. Abstentzioaren bidez, 6 milioi euroko inbertsioko proiektua aurrera ateratzea eragoztea eta konfiantza urratzea egotzi die Asironek bi alderdi horietako ordezkariei. Jarrera arduragabea leporatu die, euren zuzenketak aurrera ez ateratzean proiektua osorik atzera bota dutelako.

Bi alderdi horiekin kritiko azaldu da Asiron, eta udal gobernuarentzat garrantzitsuak diren inbertsioak baztertu izana gaitzetsi du.

Udal gobernuaren berrantolaketan, Asironek alkatetzaren esku utziko du berdintasun arloa, eta aurpegi berri bat sartuko du gobernuan: Mikel Armendariz, parte hartze sailean. Onartu du sortu den egoerak eskuin mediatikoa eta politikoari soilik egiten diola mesede, eta Aranzadiri eta Ezkerrari aurpegiratu die "gobernu barrutik oposizioa" egin izana, gogorarazi baitu ez dela lehen aldia laukoaren barruan desadostasunak sortzen direna.

Hala ere, bi taldeak "aldaketarako lehentasunezko bazkidetzat" jo ditu, eta hauteskundeetarako falta den urtebetean "erantzukizunez" jokatzeko eskatu die. Herritarrei nabarmendu die egoera "bideratuta" dagoela, aldaketak "aurrera" jarraitzen duela eta ez dela "krisirik" zabaldu.