GUREAN GAUR

Osakidetzari egiazko negoziazioa eskatu diote sindikatuek

Osasun arloko mahai sektorialean, Osakidetzak proposatu du 2019an hastea ordaintzen 2011tik aurrerako lanbide garapenerako soldata osagarria. Hala, Osakidetzak sindikatuei adierazi die bi errekurtso aurkeztuko dituela ordainketa atzeratzeko. Sindikatuek elkarretaratzea egin dute Osakidetzaren egoitza nagusiaren atarian, eta sinatutako akordioak betetzeko eskatu dute.

Espainiako Gobernuak araututakoa bere langileetara egokitzeko, 2008an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak lanbide garapenerako soldata osagarrien dekretua. Osakidetzaren kasuan, lau maila ipini zituen. Besteak beste, antzinatasuna, prestakuntza osagarria eta langileen arduradunen balorazioa hartuko ziren kontuan. Krisi ekonomiko betean, Jaurlaritzak bertan behera utzi zuen 2011ko deialdia. Osakidetzako 7.000 langile geratu ziren soldata osagarri hori kobratu gabe. Baina maiatzean, langile horiei 100 milioi euro ordaintzera zigortu zuen EAEko auzitegi nagusiak Osakidetza.

Horrez gain, sindikatuetako ordezkariek hizpide izan dute Osakidetzako oposizioen zalaparta ere. Sindikatuen iritziz, onartezina den kudeaketa defendatzen jarraitzen dute Osakidetzakoek, eta irtenbideak bilatu beharrean egoera estaltzeko asmoei eusten diete. Horren harira, LABek, esaterako, lehenbailehen hiru negoziazio esparru abiarazteko eskatu du.

Osakidetzak, bere aldetik, sindikatuei erantzun die Lan Eskaintza Publikoaren inguruko azalpenak uztailaren 19an emango dituela Eusko Legebiltzarrean. Eta lanbide garapenerako soldata osagarriaren kasuan, bide judiziala agortzeko asmoa daukatela.