GUREAN GAUR

Idurre Eskisabel: "Espazio bat berreskuratzearen sentsazioa utzi du Durangoko Azokak"

Idurre Eskisabel Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusia elkarrizketatu dugu Hamaika Telebistan. Durangoko Azoka izan du hizpide lehenengo, eta nabarmendu du “espazio bat berreskuratzearen sentsazioa” duela: “Berriro ere jendetsu eta plazan bagarela adierazteko gogoz ikusi dut azoka“.

Eskisabelek feminismoaren eta euskalgintzaren arteko harremana landu du Lorea Agirrerekin batera, eta dio bien baturak konfluentzia “oso interesgarria” eragiten duela: “Gure azterketaren ondorioetako bat da sexu-genero sistemak menderakuntzarako erabiltzen dituen mekanismoak eta hizkuntza hegemonikoek beste batzuk beheratzeko erabiltzen dituztenak oso antzerakoak direla, eta beraz, hortik askatzeko edo eraldaketa prozesuak martxan jartzeko mekanismoak oso antzekoak izan ahal direla”.

Eskisabelek azpimarratu du euskararen biziberritze prozesuak hiru zutoin dituela: adostasuna, ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskaldunentzako erabilera eremu erosoak sortzea, “euskaldunentzako bizitza bizigarriak eratzea”. Horrez gain, oso garrantzitsutzat jo du jendarteko eragile ezberdinen arteko adostasun zabala lortzea: “Ekimen soziala jendartean ondo errotuta egotea ezinbestekoa da neurri politiko zehatzak bultzatzeko”. Hala ere, dio politika alderdi politikoen jokoaren edo hauteskunde zikloek determinatzen duten politika horretatik kanpo ulertu behar dela: “Euskararen biziberritzeak politika publiko sendoak behar ditu, alderdi politikoen eremu horretatik atera behar ditugunak eta interes orokorrera begira jarriko ditugunak; euskararen biziberritze prozesua eraldaketa sozialerako prozesua da, eta horretarako, oinarri zabala behar da".

Eskisabelen iritziz, euskararen erabileran eragiteko ezinbestekoa da euskara “esanahi, balio, prestigio eta erreferenteez janztea”. Horregatik, dio, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Legeari egindako beren proposamenak bi oinarri dituela: hizkuntzaren ezagutza on batera iristeko eskubidea bermatzea, eta bestetik, kultur erreferenteen zorua jartzea. Dio hori hezkuntzan landu behar dela, baina baita aisialdiko eremu askotan ere.

Euskaraldia ere izan du hizpide, eta dio ekimen interesgarria dela, praktika indibiduala izateaz gain, dimentsio kolektiboa ere baduelako. Hala ere, dio halakoak bihur daitezkeela norbanakoaren gainean gelditzen diren zerbait, eta dimentsio kolektibo hori apaldu egin daitekeela eguneroko politika publikoen jario diskurtsibo hori arautzen ez bada. Hori horrela, dio “beharbada testuinguru sendoago behar dela ariketa eragingarri izan dadin, eta zabaltasun handiagoa har dezan”.

Eskisabelek nabarmendu du euskarak, euskal hiztunak eta euskaltzaleak teknologiaren bidez etorri den aldaketara prest iritsi dela: “Erregistro berrien garaira munduko beste hizkuntzekin batera iritsi gara, eta hor egiten ari garena oso garrantzitsua da; tresneria edota corpus-a prest dauzkagu, eta horrek erraztuko digu benetan gizarte eragile eta politikariek horretarako borondaterik baldin badute.

Isileko lanari” ekiteko gogoz dagoela dio, “guztia ordenatzeko”: “Kontseiluak eta euskalgintzako askotariko eragileek noranzko bat jarrita daukate, eta euskararen gaineko kezkan eta diagnostikoan inoiz baino bateratuago dago orotariko euskalgintza; dagokiguna da ahalik eta adostuen aurrera egitea”.