GUREAN GAUR

Handia-ren arrakasta erraldoia Goya sarietan

Aitor Arregik eta Jon Garañok zuzendutako filmak 10 sari eskuratu ditu 2018-ko Goya sarietan. Altzoko erraldoiaren istorioan oinarritzen den luze-metrailak beste inor baino "buruhandi" gehiago jaso ditu eta hedabideetan jasotako kritika bikainei segida eman die. Sarien artean, besteak beste, Jatorrizko gidoi onenaren, musika onenaren, aktore berriaren eta jatorrizko musika onenaren sariak daude.

 

Otsailaren 3an banatuko dituzte Goya sariak Madrilen eta Handia filma faborito nagusienetako bat da. Are gehiago, beste inork baino izendapen gehiago jaso ditu, Isabel Coixet-ek zuzendutako La Librería edo Verónica, El Autor eta Estiu 1993 lanen aurretik. Albisteak euskal hedabideotako azalak bereganatu ditu eta sare sozialetan Arregi zein Garaño zuzendarien poza islatu da.

Orotara 13 izendapen dira, hurrenez urren: pelikula onenarena, zuzendari onenarena Aitor Arregi eta Jon Garañorentzat; jatorrizko gidoi onenarena Aitor Arregi, Andoni de Carlos, Jon Garaño eta Jose Mari Goenagarentzat; jatorrizko musika onenarena Pascal Gaigne sortzailearentzat; aktore berri onenarena Eneko Sagardoyrentzat; produkzio zuzendaritza onena Ander Sistiagarentzat; argazki zuzendaritza onena Javier Agirre Erausorentzat; muntaiarik onena Raul Lopez eta Laurent Dufrecherentzat; zuzendaritza artistiko onenarena Mikel Serranorentzat; jantzi diseinurik onena Saioa Lararentzat; makilajerik onena Ainhoa Eskisabel, Olga Cruz eta Gorka Agirrerentzat; soinu onenarena Iñaki Diez eta Xanti Salvadorrentzat; efektu berezi onena Jon Serrano eta David Herasentzat.

Eneko Sagardoy durangarra da irabazteko aukera gehien duen horietako bat, Miguel Joaquin Elizegi "Altzoko Handia"-ren paperean. Nominazioa jaso ondoren, Joseba Usabiaga gogoan izan du. Izan ere, tolosarrak, lan bikaina egin arren, ez du izendapenik jaso. Filmean, Marin Elizegiren papera antzezten du, Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, etxera itzuli eta haren anaiaren hazkunde ikaragarria ikusiko dugu.

Luze-metrailak "Altzoko aundiya"-ren istorioa kontatzen du. 1918ko urtarrilaren 10ean jaiotakoa, Migel Joaquin Elizegik akromegalia izeneko gaixotasuna pairatzen zuen. Garunaren gehiegizko hazkundea eragiten zion honek eta hiposifiaren ondorioz erraldoitasuna garatu zuen baita. Bere bizitza erabat aldatu zen Jose Antonio Arzadun nafarrak Elizegiren aita ondorengo proposamena egin ostean: Migel Joaquin herriz herri erakustea. Hala hitzartu zuten eta lehen emankizuna Bilbon egin zuen. Jarduera honek, haren familiaren bizimodua erabat aldatu zuen.

Europa osoan zehar bidaiatu zuen eta besteak beste Espainia, Portugal eta Ingalaterrako erreginak ezagutu zituen, baita Frantziako erregea ere. 1961ean hil zen, tuberkulosiak jota. Geroztik, hainbat kondaira daude haren inguruan. Bere hezurrekin gertatutakoa ere argitu gabe dago. Osteoporosiaren ondorioz desegin ote ziren edo norbaitek lapurtu ostean bildumazaleren baten etxean edo museoren batean gordeta mantentzea ez dute baztertzen.

Arregik eta Garañok haren bizitza pantaila handira eraman dute eta inoiz euskaraz egindako filmik ikusiena osatu dute. Orain, sarien txanda iritsi da. Donostiako Zinemaldian sail ofizialean lehiatu zuen eta Euskal Zinemaren Irizar Saria zein Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zituen. Espainiar Estatuan, dagoeneko 13 izendapen eskuratu ditu Goya sarietan. Albisteak poza eragin du esparruko beste profesionalen artean, baita euskal jendarteko hainbat kiderengan ere.

Kritikaren partetik, lehen unetik, filmak laudorio handiak eskuratu ditu. Nazioartean ere zer nolako ibilbidea izango duen ikusteke dago baina Goya sarietako eskuratutako hautagaitzek ate ugari irekiko dizkiote. Hori bai, Loreak-ekin suertatutako esperientzia amerikarra ez da errepikatuko. Aurten, Espainiar Estatua ordezkatuko duen filma Estiu, 1993 kataluniarra izango delako.

Azkenik, aipatzea, Juanba Berasategi mitikoaren azken lanak, Nur eta herensugearen tenplua-k, animaziozko film onenaren hautagaitza lortu duela Goya sarietan.

Munduko zorterik onena guztiontzat. Erraldoia litzateke euskaraz egindako bi lan hauek sariak jasotzea. Momentuz, Handia, Altzoko erraldoiaren istorioa, izarretatik gertuago, ekipo bikainaren eskutik.

 

Hamaika Telebista