GUREAN GAUR

NBA, Martin Luther King Egunaren bozgorailu

Urtarrilaren 15a jai eguna da Amerikako Estatu Batuetan, eskubide zibilen aldeko ekintzaile zen Marthin Luther King-en jaiotegunaren omenez. Horiek horrela, ekintzaile ezberdinekin batera, jendarteko esparru ezberdinetako kideek, bereziki komunitate beltzeko kideek, aktibista soziala gogoratzeko ekimenak egiten dituzte. Kiroletan, NBA-ren baitan, keinu ugari egon ziren. Besteak beste, Liga, frankizia eta jokalarien eskutik.

#MLKDay traola erabilita, arrazismoa eta xenofobiaren aurkako mezuak elkarbanatu zituzten. Gogoratu behar da, Amerikako Estatu Batuetan, azken hilabeteetan, hainbat izan direla beltzen aurkako indarkeria poliziala salatzeko keinuak. Ezagunena, NFL-ko jokalari den Colin Kapernick-ena, ereserkia entzutean belauna lurrean jarriz. Hainbatek, eredu bera jarraitu zuten. NBA-n, bestalde, saskibaloilari beltzek «i cant breathe» -«ezin dut arnastu»- zioten elastiko beltzak jantzi izan dituzte. Baina, Martin Luther King omentzeko egunean, berdintasuna zein eskubide zibilen aldeko mezuak hegemoniko bilakatzen dira.

Jai eguna izanik, norgehiagoken ordutegiak aurreratu zituzten, umeek zein Europako publikoak modu errazago batean zuzenean ikusi ahal izateko. Abenduaren 25ean bezala, iazko bi finalistek, Golden State Warriors-ek eta Cleveland Cavaliers-ek elkarren aurka jokatu zuten gainera.

Ondorengo galerian ikusi litekeen gisara, modu ezberdinetako keinu aldarrikatzaileak zabaldu ziren bart jokatutako partidetan. Frankizia ezberdinen komunikazio taldeek lan eskerga egin zuten.

 

 

... «we have a dream»

Hamaika Telebista