GUREAN GAUR

Alberto Spectorowskiren baieztapena: ETAren amaiera, maiatzeko lehen asteburuan

Alberto Spektorowski HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak adierazi du ETA erakundeak bere ibilbideari amaiera emango diola maiatzeko lehen asteburuan, "ez bada azken orduko ezustekorik". Hala, baieztatu egin du asteazkenean EITBk aurreratutako albistea.

Spektorowskiren esanetan, ETAren adierazpena "oso argia" izango da, eta "ez dio inori zalantzarik utziko" haren ibilbidearen bukaerari buruz.

Bien bitartean, Bake Bideak eta Foro Sozialak iragarri dute "ETAren desmobilizazio prozesuari buruzko datu garrantzitsuak" emango dituztela astelehen arratsaldean Baionan egingo duten prentsaurrekoan.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez du adierazpenik egin nahi izan ETAren ibilbidearen amaierari buruz. Eusko Legebiltzarreko korridoreetan, kazetarien galderei erantzunez, esaldi bakarra eskaini dio gaiari.

Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Elkarbizitza zuzendari Jonan Fernandezek, berriz, adierazi du ETAren amaiera baieztatuko balitz, "albiste oso ona" litzatekeela.

Nafarroako Gobernuko bozeramaile Maria Solanak nabarmendu du ETAren amaierak "behin betikoa, egiazkoa eta aldebakarrekoa" izan behar duela.