GUREAN GAUR

Eragindako minaz ETAk egindako aitorpenean, biktimen arteko ñabarduran tematu da zenbait

ETA erakundeak haren «ibilbide armatuan eragindako kalteari» buruzko adierazpena eta argibide oharra plazaratu ditu Gara eta Berria egunkarietan. Horietan, lehen aldiz, «onartu» egin du sortu duen «samin handia»; esan du «zinez sentitzen» duela, eta, zehazki, «barkamena» eskatu die «gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten» biktimei eta haien senideei.

Aurtengo apirilaren 8ko data duen ETAk egindako minaren aitortza agiriak eta argibide oharrak. ETAk onartu du «hamarkadotan gure herrian gehiegizko sufrikarioa» izan, eta bere gain hartu du «samin horretan» izandako «ardura zuzena». Adierazi du «halakorik inoiz ez zuela gertatu behar edo ez zela denboran hainbeste luzatu behar», «gatazka politiko eta historikoak konponbide demokratiko bidezkoa aspaldi behar zuen-eta».

Erreakzio soka luzea eragin dute erakundearen oharrek. Biktimen arteko ñabarduran jarri dute askok eta askok arreta. Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk horrekin lotutako eskaera egin dio ETA erakundeari. Komunikatua "desegiteko bidean egindako urratsa" izan dela adierazi du Nafarroako Gobernuak, eta nabarmendu du desegiteak "behin betikoa" izan behar duela.

EH Bildu koalizioak, mahai politikoaren ohiz kanpoko bilera egin du goizean Bilbon eta Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak baikor hitz egin du erakundearen adierazpenaz.

Espainiako Gobernuak baikor hartu du ETAk eragindako minari buruz argitaratu duen agiria. Hori bai, Iñigo Mendez de Vigo bozeramaileak argi utzi du haiek biktimen aldean egon direla eta egongo direla beti.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak, berriz, nabarmendu du ETAren adierazpena "behin betiko bakerako behar zen urrats handia" dela. Bidea gogorra izan dela adierazi du eta kontaketak duen garrantziari erreparatu dio.

Manuel Valls Frantziako lehen ministro ohiak, bere aldetik, esan du lehenbailehen desegin behar duela ETA erakundeak, eta barkamena eskatu behar diola Espainiako gizarteari ere.

Azkenik, Europako Batzordeak ere albiste ona dela esan du, jardun armatua eteta ona dela edozein kasutan, Europako Batasunean terrorismoak ez duelako lekurik.