'Preso politikoak egungo Espainian' erakusketa, Errenterian

Santiago Sierraren Preso politikoak egungo Espainian obra Errenteriako Reina areto berrituan ikus daiteke maiatzaren 26ra arte. ARCOk zentsuratu zuen artelana “adierazpen askatasunaren defentsa argia” egiteko ekarri du herrira Errenteriako Udalak. Baita iazko martxoaren 11n Iruñean atxilotu zuten Errenteriako gazteetako baten erretratua ageri delako ere.

GUREAN GAUR|2018/05/14 15:29

Hainbat esparrutan polemika eragin duen argazki bilduman, besteak beste, Solidari@s talde ekologistako kideak, La bruja y don Cristobal lanarengatik atxilotu eta epaitu zituzten titiriteroak, Egin egunkariko zuzendariak, politikari katalanak, edo Altsasuko gazteak ageri dira. Eta bertan ere ikus daiteke 2017ko martxoaren 11n Iruñean atxilotu zituzten Errenteriako gazteetako baten erretratua ere.

Sierrak doan ekarri du bere artelana Errenteriara eta Frantxis Lopez Landatxeren arabera, gaiak azaleratzea da artistaren helburua, ez zirikatzea.

Azken aldiz Lleidan, Katalunian, ikusi ahal izan da eta 7.000 bisitari izan ditu han. Errenteriako kasuan, maiatzaren 26ra arte egongo da ikusgai, baina erakusketari eduki zabalagoa eman nahi izan dio Udalak. Horregatik, adierazpen askatasuna ardatz izango duten mahain inguruak antolatu hilaren 17rako eta 21erako. 17koan, Garbiñe Biurrun epaileak eta Martxelo Otamendi Berria egunkariko zuzendariak parte hartuko dute. 21ekoan, berriz, Mariano Ferrer, Lourpes Perez eta Dani Alvarez kazetariak arituko dira solasean.

 
Loading player...