GUREAN GAUR

Estatu eredua berritzea eta presoak hurbiltzea proposatu dio Urkulluk Sanchezi

Estatu eredua hausturarik gabe aldatzea eta euskal presoak gerturatzea proposatu dio Iñigo Urkulluk Pedro Sanchezi. Moncloan egin dio harrera Espainiako Gobernuko presidenteak Eusko Jaurlaritzako lehendakariari. Ia bi orduko bilkura egin dute, eta adostu dute jasotzeko dauden 37 eskumenei buruzko lantalde bat osatzea ere.

Bilkuraren ondoren egindako hitzartzean, Urkulluk esan du bilera adeitsua eta positiboa izan dela eta lan dinamika egonkor eta eraikitzailerako erakunde arteko harremanari atea ireki diotela.

Zehaztu duenez, bi gobernuetako ordezkariak elkarrekin bilduko dira Espainiako Konstituzio Auzitegiak errekurritutako legeez aritzeko.

Horrez gain, Urkulluk azalpenak eman dizkio Sanchezi Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldean egiten ari diren lanaz eta esan dio beharrezkoa dela egungo estatu ereduaren inguruko hausnarketa egitea, nazio aniztasuna kontuan izanda.

Euskal presoen auziari dagokionez, berriz, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan dio beharrezkoa dela espetxe politikari beste ikuspegi batetik begiratzea, behin ETA deseginda. Urkulluk zehaztu duenez, legediaren barruan, beharrezkoa da presoak gerturatzea eta salbuespen neurriak bertan behera uztea, haien bergizarteratzea errazteko.