GUREAN GAUR

110 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute 31 egunetan

Uztailaren 1ean hasiko da Euskarabentura izeneko ibilaldia Maulen. 110 gaztek Euskal Herria zeharkatuko dute eta uztailaren 31ean Getxora iritsiko dira, euskararen erabilera indartzea helburu duten hainbat jardueraz osatutako ibilbidea egin ostean. Done Jakue bidea ardatz hartuta, Euskal Herrian Munduko Ondare diren leku guztiak bisitatuko dituzte.

Ibilaldiaren antolatzaileek Abenduan aurkeztu zuten 16 eta 17 urteko gazteei zuzendutako proiektua. Parte hartzeko hiru gairen inguruko lanak egin behar izan dituzte gazteek, guztiak euskararekin lotuak. Proposamen guztiak jaso ostean, euskal herriko txoko ezberdinetako 72 neska eta 38 mutileko taldea osatu du antolakuntzak. Washingtondik eta Patagoniatik heldutako bi gaztek ere parte hartuko dute.

31 eguneko bidean mota desberdinetako jarduerez gozatzeko aukera izango dute partaideek: museoak bisitatuko dituzte, errealitate soziolinguistikoan adituak direnen hitzaldietara joango dira eta kirol txapelketetan lehiatuko dira, besteak beste. Ibilbide guztian ardatz izango dute Done Jakue bidea eta Euskal Herrian Munduko Ondare diren leku guztietara joango dira.

Euskalabenturako antolatzaileek ekimenaren helburua euskararen erabilera sustatzea eta euskal lurraldea ezagutuz, gazte euskaldunen sare bat sortzea dela adierazi dute. Proiektua sortzeko eredu gisa, herrialde iberoamerikar desberdinak bisitatzen zituen Qetzal bidea hartu dutela ere azaldu dute. Maulen elkartu eta Done Jakue bide frantsesa hartuko dute partaideek. Uztailaren 3an Donibane Garazin izango dira eta San Fermin egunez iritsiko dira Iruñera.

Uztailaren 14rako Gasteizera iritsiko dira eta Goierri zeharkatuz Tolosara iritsiko dira. Hernani eta Irun igarota, Baionara iritsiko dira kostatik, ondoren Donostiara joan eta Gernika igaroz uztailaren 30ean Bilbora iristeko. Abentura Getxon amaituko dute, Bizkaia zubian.