GUREAN GAUR

Azken urteetako Tourrik gogorrena izango da aurtengoa

Iritsi da milioika kirolzalek egutegian gorriz azpimarratutako eguna. Bihar hasiko da 2018ko Frantziako Tourra eta uztailaren 29an bukatuko da. 22 taldek parte hartuko dute eta guztira 176 txirrindulari egongo dira tropelean. Lasterketaren nondik norakoak ezagutzeko, Egoitz Lizasorekin, Tropela webgune ospetsuaren sortzaileetako batekin, hitz egin dugu. Faboritoen inguruan, ibilbidearen gakoei buruz eta Tropela fenomenoari buruz aritu gara zumaiarrarekin.

Tropela webgune ospetsuaren sortzaileetako bat da Lizaso, eta faboritoen inguruan, ibilbideari buruz eta euskal txirrindularien rolari buruz hitz egin dugu berarekin, besteak beste. Hasteko, nola ez, Chris Froomen auziari buruz galdetu diogu. Ebazpena beranduegi iritsi dela eta lasterketa giro arraroan hasiko dela azaldu du Lizasok,zaleek txirrindulari britainiarrarengan jarrera gogorragoa izango dutela adieraziz.

Faboritoei buruz hitz egitean, apustu guztietan Froome dagoela baina aurre egingo dioten txirrindulari asko daudela adierazi du. Roglic, Zakarin, Geraint Thomas edo Mollema bezalakoak ere gertu ibili daitezkeen arren, faboritoak baino maila bat beherago ikusten ditu Lizasok. Lehenengo astean atzean ez geratzea eta azken asteko etapa menditsuetan eta erlojupekoan ongi ibiltzea erabakigarria izango dela kontatu digu.

Jadanik ez gara harritzen lasterketa ezagunenetan Ikurriñaren bat ikustean. Txirrindularitzak euskaldunon artean sortzen duen pasioaren inguruan ere hitz egin dugu. Aurtengoan 8 euskaldun izango ditugu tropelean eta hauengandik zer espero den galdetu diogu Lizasori. Bukatzeko, Tropelari buru ere hitz egin dugu. Lasterketa hasi aurreko azken egunak nola bizi dituzten kontatu digu eta webgunearen arrakastaren gakoei buruz galdetu diogu. Ezin jakin zer pasako den Tourrean. Baina milaka euskaldun telebistara begira egongo direla eta Tropelari esker, koadrila desberdinetan afari bat baino gehiago egongo dela jokoan garbi dago.