GUREAN GAUR

Iñaki Igerategi preso ohiak suhiltzaile lanpostua berreskuratzea eskatu du LABek

Sei urteko espetxe zigorra eta inhabilitazioa beteta, lanpostura itzultzea ukatu diote Iñaki Igerategi suhiltzaileari. Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzailea da eta aldundiak ez dio ohiko jurisprudentzia ezarri. LABek salatu du preso ohiak lanpostuetatik kanpo uztea onartezina dela eta mobilizatzen hasiko direla iragarri du.

2012ko otsailean Auzitegi Nazionaleko seigarren instrukzio epaitegiak agindutako operazioan atxilotu zuten Igerategi Tolosako Suhiltzaile parkean, bertan lanean ari zela. Operazio berean Inaxio Otaño ere atxilotu zuten, ETAko kide izatea egotziz biei. Zigorra bere osotasunean bete ostean, otsailaren 18an utzi zuten bi presoek kartzela.

2012ko otsailaren 21az geroztik, lan jardueraren etenaldi egoeran egon da Iñaki Igerategi behin betiko sententzia jaso arte. 2015eko maiatzaren 4an, Igerategi berak eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiko erregistroan zigorraren berri. Sententzia eskuetan izan arren, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du horrelako kasuetan aplikatzen den jurisprudentzia kontuan hartu. Jokin Zubieta eta Nadeth Arrizabalagak adierazi dute sindikatuaren ikuspuntua, aldundiak hartu zezakeen erabakirik okerrena hartu duela adieraziz.

Zubietak Markel Olano kritikatu du, antzeko beste egoeretan ez dela berdin jokatu azalduz. Espetxe politika aldatzearen inguruko eztabaida pil-pilean dagoenean horrelako erabakia hartzea onartezina dela salatu du Zubietak. Bide juridikoa jorratzeaz gain ekintza sindikala jorratuko dutela eta mobilizazioekin hasiko direla adierazi du LABek, eta Iñakiren lankideei, suhiltzaileei eta Aldundiko gainerako lankideei parte hartzera dei egin die. EAJri bere erabaki bidegabe eta ilegala zuzentzeko ere eskatu diote.