GUREAN GAUR

Joseba Barandiaranen hilketa argitzeko eskatu dute senideek, 40. urtemugan

Iruñean German Rodriguez hil eta hiru egunera hil zuen Poliziak Joseba Barandiaran, tiroz, Donostian. . Barandiaranen familiak uste du Iruñeko Udala ari dela German Rodriguezen hilketa argitzeko bidean pausoak ematen, eta hori bera eskatzen du haien senidearen hilketaren auziarako.

German Rodriguezen hilketaren harira deitutako greba orokorrak babes handia izan zuen, eta barrikadek ixten zituzten Gipuzkoako hiriburuko kaleetako batzuk. Horietako batean zegoen Barandiaran Astigarragako gaztea, San Bartolome kalean. Polizia tiroka hasi zen, eta hil egin zuten. 1978ko uztailaren 11n, eta 19 urte zituela.

Zabaldu zen bertsio ofiziala, Gobernu Zibilarena, eguerdirako; manifestariek armak zeramatzatela eta horiekin eraso zietela poliziei, eta poliziek «liskarren aurkako materiala» erabili zutela. Are, erantsi zuten aurrekariak zituela Barandiaranek. Lekukoek, ordea, gezurtatu egin zuten egunean bertan.

Berehala zabaldu zen gertatutakoa, jada bero zegoen giroa are gehiago gaiztotu zuen Barandiaranen hilketak. Istiluak ugaritu ziren. Donostian, 10.000 lagun baino gehiago elkartu ziren hilketaren aurka protesta egiteko manifestazioan, eta jendetza batu zen ere Astigarragan, Barandiaranen hiletan.

Donostiako Instrukzio Auzitegiak ikerketa bat zabaldu zuen, eta ondorioztatu Barandiaran hil zuen bala polizia baten armatik irten zela. Hala ere, ez ziren gai izan tiro egin zuena identifikatzeko. 1985eko uztailean, behin-behinean artxibatu zuten auzia. Barandiaranen familiak uste du Iruñeko Udala «indar handiarekin» ari dela German Rodriguezen hilketa argitzeko bidean pausoak eman nahian, eta hori bera eskatzen du haien senidearen hilketaren auzian.

Beraz, Rodriguezen hilketaren urteurrenarekin batera, lau hamarkada bete dira Barandiaran hil zutenetik. Lore eskaintza egin diote Astigarragan eta ekitaldian parte hartu dute Rodriguezen senideek, Sabino Kuadra diputatu ohiak eta Iruñeko peñen ordezkaritza batek, besteak beste.