GUREAN GAUR

Onespen argirik gabeko sexu jarduna delitu izatea nahi du Madrilek

Baiezko espliziturik egon ezean, sexu jarduna delitu izatea nahi du Espainiako Gobernuak. Carmen Calvo presidenteorde eta Berdintasun ministroak asteartean Kongresuan azaldu zuenez, Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren Legea moldatu nahi dute, Alemania eta Suedia eredu gisa hartuta.

Carmen Calvok aurreratu du moldaketa Suediako Parlamentuak maiatzean egin zuenaren antzekoa izango dela. Bertako legediak bortxaketatzat jotzen du emakumeen berariazko onarpenik ez duen edozein sexu jarduera. Alemanian ere egoera bera dute, 2017ko uztailean onartu baitzuten antzeko lege bat.

2016ko sanferminetako talde bortxaketaren harira izandako polemikari heldu dio hala Espainiako Gobernuak: erasotzat ez, abusutzat hartu zuen Nafarroako Lurralde Auzitegiak. Berdintasun ministroak adierazi duenez, moldaketaren helburua da horrelakoak saihestea.

Emakumearen autonomía, askatasuna eta haren sexualitatearekiko errespetua bermatzeko, Zigor Kodeko aldaketa proposatzeaz gain, Madril «hausnartzen» ari da epaiketetan sexu erasoen biktima diren emakumeen «defentsa nola hobetu». Oraingoz, Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren Legea moldatu nahi dute, lelo feminista bat bere eginez.

Horrez gain, Berdintasun ministroak «emakumeen segurtasuna eta askatasuna» izango ditu helburutzat. Zenbait neurri aurreikusi ditu horretarako. Jada lantzen ari dira sexu esplotaziorako emakume eta haurren salerosketaren aurkako legea. Kiroletan emakumeei ikusgarritasuna emateko neurriak ere hartuko dituzte. Kulturan eta komunikazio arloan ere eragin nahi dute: ekintza positiboko politikak abiatuko dituzte, andreen lana «orekatzeko».