GUREAN GAUR

Sanferminetako talde bortxaketagatik zigortutako militarra itzul daiteke lanera

2016ko sanferminetako talde bortxaketagatik zigortutako militarrari lanera itzultzeko baimena eman dio Defentsak. Bere eginkizunetarako zuen etena bertan behera utzita, lantoki berria egokitu zain dago orain Alfonso Jesus Cabezuelo. Defentsa Ministerioak adierazi du ezin duela lanera itzultzea eragotzi, baina ez diola inolako lantokirik egokituko.

Alfonso Jesus Cabezuelori lanera itzultzeko baimena eman dio Espainiako Defentsa Ministerioak. Bederatzi urteko espetxera zigortu zuen Nafarroako Auzitegiak 2016ko sanferminetan emakume bati taldean sexu erasoa egiteagatik. Gainontzeko kondenatuekin batera, libre utzi zuen auzitegiak ekainean, eta lanera bueltatzeko baimena lortu duela argitaratu du Eldiario.es hedabideak.

Bere eginkizunetarako zuen etena bertan behera utzi du Espainiako Defentsa Ministerioak eta orain, lantoki berria egokitu zain geldituko da Cabezuelo. Defentsa Ministerioaren buletinak zehazten duenez, Lurreko Armadako jeneral nagusiaren zerbitzura geldituko da eta Sevillako Defentsa ordezkaritzaordearen eragin administratiboetara lotuta egongo da Cabezuelo.

Defentsaren erabakiak ekainaren 22az geroztik du eragina eta erabakiaren kontrako errekurtsoa aurkezteko aukera izango da hilabeteko epean. EFE albiste agentziak argitaratu duenez, Cabezuelo eta erasotzaile talde bereko Antonio Manuel Guerrero guardia zibila ez dituzte kanporatuko beraien lanpostuetatik epaia irmoa izan artean. Biei lan eginkizunak eteteko erabakia hartu zuten, baina Cabezueloren kasuan atzera egin du Defentsak.