Liburubila, klik bakarrean kultura eskura izateko ataria

Kultura edukietarako “lehiatila bakarra” izan nahi duen Liburubila proiektua aurkeztu dute Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak eta Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak. Atarian, 845.000 liburu, 16.250 liburu digital eta 67.267 ikus-entzunezko artxibo izango dituzte eskuragarri herritarrek bestelako kultura edukiekin batera.

GUREAN GAUR|2018/07/12 18:32

Duela urtebete ekin zioten proiektua garatzeari, eta Finlandian sustatutako antzeko ekimen bat izan dute eredu. Zerbitzuaren doakotasuna nabarmendu dute, edozein herritarrentzat eskuragarri egotea baita helburua. Horrez gain, bilaketa “irakurlearen baldintzetara egokitzeko” aukera dagoela adierazi du Aizpuruk. Bilaketa zehatzak ahalbidetzen ditu, kultura kontsumoa erraztuz.

Klik bakarrean kultura eskura izatea da atari digitalaren helburua, kultura eskaintza zabala webgune bakarrean batzea. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoa osatzen duten 500 liburutegiekin eta eLiburutegiarekin lotua dago Liburubila, eskaintza fisikoa zein digitala ahalbidetuz. Jada martxan da Liburubila, edozein herritarrentzat eskuragai.

Zerbitzuaren doakotasunarekin batera, egile eskubideen garrantzia azpimarratu nahi izan dute. Izan ere, herritarrentzat kosturik izango ez duen arren, Jaurlaritzak dagozkien ordainketak egingo dizkie sortzaileei. Horrez gain, filmak estreinatu eta urtebetera izango ditu eskuragarri erabiltzaileak, ekoizpen etxeekin izan ditzaketen konpetentzia arazoak ekiditeko.

 
Loading player...