GUREAN GAUR

Athleticek eta Realak jokatuko dute Euskal Herria Txapelaren bigarren finala

Abuztuaren 4an jokatuko da Euskal Herria Txapelaren bigarren edizioko finala. Ligako euskal taldeen arteko derbietan lortutako emaitzei esker, Reala eta Athletic lehiatuko dira Irungo GAL futbol zelaian jokatuko den norgehiagokan. Denboraldia prestatzeko partidu polita izango da eta iazko edizioan ez bezala, kiroltasuna nagusituko dela baieztatu dute antolatzaileek.

Norgehiagokaren aurkezpenean, bi taldetako ordezkariak, Euskal Herria Kirola elkarteko Kike Zurutuza eta Mikel Etxarri, Euskal selekzioko entrenatzaileak parte hartu dute, besteak beste. Partiduaren xehetasunak azaltzeaz gain, Euskal Herriaren eta kirolaren arteko lotura indartzeko sinbolo gisa 1976.urteko derbian Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar ikurriñarekin atera zireneko irudia erabili dutela azaldu du Zurutuzak.

Talde bizkaitarraren helburua txapelketa irabaztea dela adierazi du Iribarrek. GAL bezalako zelai historiko batean jokatzea polita dela eta denboraldia prestatzeko oso partidu interesgarria dela kontatu du zarauztarrak.

Aurreko udan, Athletic eta Alavesek jokatu zuten finala, baina ez zen txapeldunik izan, partidua bukatzeko bi minuturen faltan jokalarien artean izandako istiluengatik eta epailearenganako errespetu faltengatik bertan behera geratu zelako norgehiagoka. Emandako irudia oso tristea izan zela eta aurtengoan kiroltasuna nagusituko dela baieztatu dute antolatzaileek.

Joseba Ibarburu, Realeko ordezkariak, denboraldi eskasa egin arren euskal derbietan puntu gehien lortu dituen taldea direla gogorarazi du eta talde txuri urdina txapela lortzeko asmoz zelairatuko dela adierazi du. Mikel Etxarrik txapelketaren garrantzia azpimarratu du, euskal taldeen artean motibazioa eta lehia sustatzen duelako.

Finala abuztuaren 4an jokatuko da GAL futbol zelaian, arratsaldeko 18:15etan. Salgai daude sarrerak ehkirola.eus webgunean eta uztailaren 23tik aurrera salgai izango dira Errealaren dendetan, Ibaiganeko bazkideen arretako bulegoan eta Gal Stadiumean. Partidua Tribunatik ikusteko 20 euro ordaindu beharko dira, Hegaletatik ikusteko 10 eta 16 urtetik beherakoek 5 eurotan izango dituzte sarrerak.